Zirkuluetaz

I

Nire Kosovo ez da zuk ezagutzen duzun Kosovo.

Atzo bikotea eta alabarekin kafe baten bueltan izan genuen eztabaidaren (ajam, bikotea eta bion arteko eztabaidaren) ondorio nagusienetako bat izan zen hori. Emakumeen eskubideen eta tokiko mugimendu feministaren inguruan antolatu berri zen mahainguru batetik atera ondorenean izan genuen elkarrizketa hau. Eta, horrexek berak eraman gintuen ondorio horretara.

Nire lanak, nire ikerketak bultzatuta iritsi nintzen lehenengoz lurralde honetara, eta horixe bera da orain ere, hein handi batean, hona egiten ditudan (eta, ditugun) bidaien arrazoi nagusia. Eta, nire ikerketak, hain zuzen ere emakumeen eskubideak eta tokiko mugimendu feminista ardatz dituen heinean, ni neu ere tokiko mugimendu feministan (eta honen azpi-talde desberdinen inguruan) mugitu naiz sarri. Horregatik diot, sistema patriarkala botere nagusia den lurralde honetan, nik ezagutzen dudan hau ez dela zuk ezagutzen duzun edo ezagutu dezakezun hori.

Emakumeen eskubideen aldeko jarduna zein mugimendu feminista gizarte honen zati txikitxo bat dira, botere hegemonikoetatik (kontutan har dezagun tokiko botereek duten hegemonia, bai, baina ez dezagun ahantzi nazioarteko erakundeek mapa arrunt ttiki honetan duten hegemoniazko boterea ere, mesedez) at geratzen dena dudarik gabe (gero zati txikitxo honek botere hegemonikoekin izan ditzakeen harremanak beste zerbait dira, hau ere ez dezagun ahantzi). Eta, alta, zati handi horren baitan mugitzen banaiz ere, zati txiki horretan jaten, edaten eta harnasten dut egunero. Hemen egon edo han egon.

Horrekin ez dut esan nahi ez dudanik hemengo botere hegemonikoen indarrik ikusten. Ezta ez naizenik aipatu zirkulu horretatik ateratzen ere. Hemen ditudan lagunik onenetako batzuk zirkulu horretatik kanpokoak dira, preseski. (Bai, beste lagunik onenetako batzuk zirkulu honetan daude, zer egingo diot!). Baina batzutan ahaztu egiten dut non mugitzen naizen. Ei, ez gaizki hartu, ez da ez dudalako ikusten non zapaltzen dudan. Toki berean zapaltzera behartuta nagoelako baizik (hara, tesia non agertzen den!).

II

Batzutan (ajam, sarri) honekin konturatzen naiz elkarrizketarik normalenetan.

Lagun min batekin topo egin genuen hiruok aurreko astean, kafetxo bat hartzeko. Hilabete batzuk ziren elkar ikusi ez genuela, hemen izan nintzen azken alditik. Eta, hara non, ez zuen oraindik alaba ezagutzen (nire harridurarako). Hemen, hori, barkaezina da, aizue!

Hasierako ‘kaixo’ak, ‘zein polita zara txiki’ak, ‘zer moduz zabiltzate ba’k eta aspaldian ikusi ez duzun eta zure alaba lehenegoz ezagutzen duen lagun batekin izan dezakezun elkarrizketa arrunt bateko galde-erantzunak amaituta, bakarrik geratu ginen biok. Ezkongaia da bera (iazko udan egin zuten publiko, ehunka gonbidatu zituen festa erraldoi batean, ezkondu egingo zirela), eta ezkontzaren eta aurretiko jai erraldoiaren inguruan galdetu nion.

Tira, kontu batek bestera eraman gintuen. Esan zidanera arte oso gertuko sentitzen zuen emakume baten egoera zein zen (ez, laguna ez da hemen zoritxarrez egunerokotasun den istorio honetako protagonista), eta bera, bere aldetik, zer egiten ari zen hura ahal zuen moduan hobetzeko. Finean, ezkontza eta familia erlazioek eragindako egoera zen, eta ezer gutxi egin zezakeen sistema patriarkala botere guztiz hegemonikoa den lurralde honetan. Baina tira, alternatiba ttikienak alternatiba ei.

Istorioa publiko egiteak ez du ezer aldatzen. Istorioa publiko egiteak gertatu den edo gertatzen ari den lurraldera iritsteko aukera gutxi ditu oso. Baina ni neu beldur naiz hemen (edonon!) dagoen botere hegemoniko honetaz. Eta, aukeran, nahiago ixilik mantendu. Literatura, sormena eta idazketaren legeen aurka noala jakinda ere (ez hasi zerbaitetaz idazten ondoren kontatu edo sakondu behar ez baduzu, ala?). Tira, zer egingo diogu.

Funtsa zera da: sarri zure zirkuluek ezkutatzen dutela errealitatea. Edo, askorentzat errealitate den hori: hemezortzi urte, familia pobre batetik eratorria, familia aberats bateko semearen ezkongai, eta ezkontzerako banantzeari aurre egin behar. Egoera hori, hemen, orotariko bazterketa bezala ulertu behar da: bere familiara ezin jo, euren honorea zikindu baitu; bere herrira ezin jo, arrazoi berberagatik. Hemezortzi urte, gutxi ezagutzen duen hiri batean, ikasketarik gabe eta lanik gabe.

Mugimendu feministak aurre egin nahi dion arazo larrienetako bat dago honen barrenean: emakumeen independentzia. Eta, bide batez, gehi diezaiogun ekuazioari honako hau ere: emakumeen independentzia ekonomikoa. Elkar lotuta daudela eta doazela ulertzen ez bada ere, badaezpada.

Alta, mugimendu feministaren zirkuluetan lan hildo garrantzitsuenetako bat den heinean, zirkulu honetan mugitzen den honentzat teoria hutsala izan da, orain arte, aurreko paragrafoek irudikatu duten argazki hau. Ez gisakorik existitzen ez zela sinisten zuelako (lurralde honen inguruan irakurtzen hasi bezain laster ageri da errealitate hau edonon), oraingoan gertu gelditu zaiolako, baizik.

Batzuetan, mugitzen zaren zirkulu horiek itsutu egiten zaituztelako, agian.

Alta, mugimendu feministaren zirkuluetan lan hildo garrantzitsuenetako bat den heinean, zirkulu honetan mugitzen den honentzat teoria hutsala izan da, orain arte, aurreko paragrafoek irudikatu duten argazki hau. Ez gisakorik existitzen ez zela sinisten zuelako (lurralde honen inguruan irakurtzen hasi bezain laster ageri da errealitate hau edonon), oraingoan gertu gelditu zaiolako, baizik.

Batzuetan, mugitzen zaren zirkulu horiek itsutu egiten zaituztelako, agian.

4am – 6am. Bakardadean

Atzo galdetu zidaten ea nola lan egiten dudan.

Aspaldian hitzik gabe geratu gabe nengoen. Eta, hara, zerk eraman ninduen mututasunera. Nola lan egiten dudan?

lan

Ba, goizeko 3.43 eta 3.59 artean bi minuturo jotzen duen alarmarekin denbora tarte horretako uneren batean jaiki, sukaldera joan, kafea berotu eta ordenagailu aurrean jarri. Goizeko 6ak eta 7ak artean, nork jakin noiz esnatzen den alaba ohetik jaiki arte. Jo dezagun bi orduko tartea dela hori. Idatzi, idatzi eta idatzi.

Ados, jo dezagun bi ordu horietatik bat eta erdi direla idazteko. Idazteko eta irakurtzeko, egunak eta aurrean dudan gaiak eskatzen duenaren arabera. Ekuaziotik atera dudan ordu erdi eskas hori posta elektronikoak, facebookek eta twitterrek betetzen dute. Goizean goiz idazten dut ondoen. Edo, hala iruditzen zait behintzat niri. Dudarik ez da, orduan izaten naiz freskoen.

Demagun dena ongi joan dela eta 8etan itzuli naizela ordenagailu aurrera. Lau orduko jarduna egiten dut goizetan, ezer arrarorik tartean ez bada (gutxitan izaten da, baina izaten dira horrelakoak ere: medikutara joan behar dudala, bankura, alaba gaixo dagoela…).

Demagun, berriz, eta dena ongi joaenz gero, eguerdiko 14etan berriz ere ordenagailuaren aurrean nagoela. Beste bi ordu egiten ditut, gutxienez, ordenagailuaren aurrean. Ondorengoak, ondorengo dira: etxetik atera, harnasa hartu, parkera joan, paseo bat eman, egin beharrekoak egin… Eguneroko gauzak. Eguneroko diruitenak, sikiera.

Hori bai: 21ak eta 22ak artean, lo. Hutsik egin gabe.

Besteen lan ohiturak — idazketa ohiturak, sormen ohiturak, hobe esanda — kuxkuxeatzen aztertzen zituen bakarra nintzelakoan nengoen.  Inoiz inork ez zidan galdetu nola lan egiten nuen, nik ixilean bada ere idazle, ikerlari zein artista askoren errutinak goitik behera analizatzen banituen ere. Eta, hara, harria bueltan bidalitakoan…

Xarma gehiagodun sormen prozesuak badaude. Izango al dira! Gogoak agindutakoa idatziko banu, bohemioagoa izango litzateke idazketa prozesua. Bohemioago egingo nuke. Kandelak agian, nork daki. Idazketa libretik, ordea, gutxi dute #tesia k eta #ikerkuntza k. Eta, gaur guarkoz, nire bakardadea eurek betetzen dute. Bete dezatela, jarrai dezatela betetzen.

Harresietaz

Laneko mahaia
Laneko mahaia

I

Atzo etxera ekarri zidan alabak aldizkari bat. Izebaren etxean topatu ei zuen eta “ama, ama” esanez, ez omen zion inori hura altzotik kentzen utzi. Hala, etxera ekarri zion amari.

Etxera sartu eta “ama, ama”, ohiko deiadarrarekin batera, korrika txikian etorri zen nire laneko mahai parera eta luzatu zidan aldizkaria bi besoekin. “Ene”, pentsatu nuen nire artean: “gaizki hasi da ttikia, egitura patriarkalak birsortu besterik egiten ez duten aldizkari horietako batekin…”. Hala ere irribarre ederra marraztu aurpegian eta besoak zabalik hartu nituen biak, alaba eta aldizkaria.

Laneko mahaiaren gainean utzi nuen eta hortxe egon da gaur goizera bitartean. Paper artean azpiratuta.

II

Frexkoxeago argitu du egunak. Arinago. Atzoko bero sapak atzean utzi gaitu. Airea dabil etxeko pareta artean. Harnas egin daiteke.

Eguneroko erritualari ekin diot segundu gutxitan: hartu edalontzi txuria, hartu kafetera, hartu lapiko txikia. Berotu kafea, isuri edalontzi txurian. Hartu edalontzia eta eseri laneko mahaian, ordenagailuaren aurrean.

Errepasatu mentalki atzo egindakoak. Lana non eten nuen ikusi. Non ekin behar diodan erabaki. Eta hasi, berriz, gatazka armatuetan ematen den emakumeen aurkako indarkeria sexualaren inguruko eremu teorikoa ikertzen duen lanarekin.

III

Automatikoki egiten duzun lanak automatikotasuna birproduzitzen ei du. Automatikoki lan egiten dut gatazka eremuetan emakumeen aurkako indarkeria sexualarekin eta, nik neronek, automatikotasun hori birproduzitu egiten dut. Automatikoki lan egiten dut, nire egunerokotasunaren, familiaren, lagunen eta plazeren artean eta nire lanaren artean harrizko harresi bat eraikiz. Egunero.

Entzun nion behin gai berak lantzen dituen (ia-) ezagun bati, sufritu egiten duela bere lanarekin. Bere egunerokotasunean eragin handia duela bere lanak. Guda eremuen inguruan lan egiten du (guda eremu hauetatik kanpo), idazten ari den honek bezalaxe. Eta zioen, ohera sartutakoan ezin izaten duela lo hartu, egun osoan zehar irakurri eta idatzitakoak bueltaka izaten dituelako. Bere egiten dituela besteen sufrimenduak.
“Harresia falta zaio honi”, bota nion, supituki, nire buruari.

IV

Hiru ordu eskas pasa dira ordenagailuaren aurrean nagoenetik. Ordu eta erdi daramatzat Kosovoko gudan bildutako hainbat emakumeren testigantzak irakurtzen. Eta buruak planto eman dit. Buruak lehendabizi, gorputzak gero.

Ikusi dut paper eta liburu artean alabak ekarritako aldizkaria. Eta ezerk ez nau gelditu hura irekitzeko bidean. Gorputz lirainak bikinian, gorputz lirainak parkean, gorputz lirainak hirian, gorputz lirainak hondartzan… Gorputz lirainak nonnahi. Tira, honezkero ez nau hainbeste haserretzen. Paso. Burua testigantzen eta gorputz lirainen artean dut oraindik.

Pasa ditut orriak eta irakurri ditut udako oporretarako hainbat proposamen. Capri, Jersey uhartea, Kroazia. Eta gogoratu dut, harnasa hartzeko denborarik gabe, gudan zehar hango emakumeen testigantzekin eskuratutako materiala ere irakurtzeko dudala artean.

Zein bizkor eraiki behar izan dudan, berriz, segundu laurdenean desegindako harresia. Zein bizkor, berriz, heldu diodan lanari. Zein bizkor, berriz, control mode ON sakatu dudan buruan, sor litezken sentsazio eta sentimenduen aurrean.

#han #hemen eta joandako egunak

Idazketa prozesu luze batean murgilduta zaudenean zaila da amaiera non edo noiz dagoen ikustea. Sentimendu pertsonala izango da, baina altzotik alde egiten ez duena.

Aurrera egin nahi eta ezin. Aurrera egin nahi eta atzera egiten duzula ikusi. Eta amaiera nabaritu ez.

#tesia

Lau urteko proiektuaren amaieran sentitzen dut nire burua. Urte bete dut aurrean gogor lan egiteko, etenik gabe idazteko, alegia. Eta #han eta #hemen kontzeptuek etengabe talka egiten dute prozesuan.

photo-3

 

#han, etengabeko landa lanean, etengabeko elkarrizketetan eta ideia trukaketan murgilduta.

#hemen, amaierarik ez duten liburu piloetan, pdf dokumentuetan, word orrialdeetan eta ordenagailuaren pantailari sudurra itsatsita.

20140709-160445-57885683.jpg

Distantzian dituzun prozesuak ikertzearen erronkak. Edo errenkadak.

Eta etengabe inguratzen da sentimendu berdin antzekoa:
Ihes egiten duten egunak egun galdu dirudite.

Galdera zaparrada

Itzalak.

Bost egun dira jada Kosovan nagoela.

Hasperen batek ihes egin dit, konturatu ere egin gabe, aurreko esaldia idaztean.

Bost egun.

Hona iristen naizen bakoitzean sentimendu berdinek salto egiten dute nirera, halabeharrez. Kaletik paseoan noala, ezin dut ekidin gurutzatzen dudan pertsona ororen lehenaldian zer gertatu ote den nire buruari galdetzea:

Nola eragin ote zion gudak? Zenbat familiarteko galdu ote zituen? Zenbat seme-alaba? Errefuxatua izan ote zen? Hemen gelditu ote zen? Joan bazen, nora? Eta noiz eta nola itzuli ote zen? Non ote ditu familiartekoak? Nola gogoratzen ote du gertatutakoa? Bere egunerokotasunaren zenbat denbora hartzen ote dute memoria horiek?

Baina konturatzerako, eta galdera guztiak egiterako, pasa da nire ondotik kontrako norabidean. Eta beste norbait jo dut begiz, eta galdera berdinak egiten hasi naiz. Galdera sorta galdera zaparrada bihurtu arte.

Kalean gurutzatutako orok guda modu desberdinean bizi izan zuen. Batzuk ihes eginez, besteak bertan geratuz. Gehienek (denek ez esateagatik) galdu zuten norbait (gutxi jota) gudan. Egunerokotasunean, kaleko kaosean, ezkutatu egiten da orain hamalau urteko sufrimendua. Balizko naturaltasuna nabari da.

Antzeztutako naturaltasuna.

Zuk ikusten duzun hori.

creative-process

Paris Reviewk Joan Didioni egindako elkarrizketa hau irakurtzen aritu naiz.

It’s hostile in that you’re trying to make somebody see something the way you see it, trying to impose your idea, your picture. It’s hostile to try to wrench around someone else’s mind that way. Quite often you want to tell somebody your dream, your nightmare. Well, nobody wants to hear about someone else’s dream, good or bad; nobody wants to walk around with it. The writer is always tricking the reader into listening to the dream.

Joan Didion,  The Art of Fiction No. 71, 1978.

Eta zuzenean lotu dut lanarekin. Honezkero automatiko bihurtu da irakurtzen dudan guztia nire lanarekin lotzea. Beti ona izango ez dena badakit, baina ezin dut ekidin. Deitu psikoanalistari mesedez.

Baina, zerbait hori zuk ikusten duzun moduan besteei transmititu nahi izatea edonori gertatzen zaiola uste dut. Ez idazleei bakarrik. Eta akabatu nazatela hala bada.

Egunero gertatzen zait. Nahi ez dudan arren.

Behin ikusi nuen gatazka eremuetan zer gertatzen zitzaien emakumeei (ez nuen literalki ikusi, prozesu baten ondorio izan zen, imajina dezakezunez). Eta hariari tiraka jarraitu nuen. Urteak pasa direnera arte, eta doktoretza tesi bat idazten ari naizenera arte. Hariari tiraka. Tiraka – tiraka.

Eta, egunero, ordenagailuaren pantailari, liburu berri bati, liburu zahar bati, elkarrizketa bati edo edozein dokumenturi aurre egin behar diodanean, beti egiten dizkiot galdera berak nire buruari.

Egokia ote da hau? Balekoa al da? Alferrik egingo al dut?

Eta, egunero, joaten da eguna galderarik erantzun gabe. Badirudi etengabeko duda dela, edo sekula amaituko ez den lana.

Egokia ote, buruan dudan hau ikusten dudan moduan transmititzeko?

Eta berdin dit liburu batez ari naizen, ideia batez, teoria batez, metodologia zehatz batez edo aukeratu dudan hitz jokoaz. Egokia ote?

Etengabeko duda. Etengabeko aukeraketa. Etengabeko galdera.

Egunero erabakiak hartu behar izateak estresatu egiten du hainbat jende. Ez naiz momentu horretara iritsi, oraindik. Baina iritsiko naiz. Bideak horretara narama. Tesilari askok erakutsi dit baietz, iritsiko dela momentu hori. Bidean hamaika aldiz aurrera, atzera, aldamenera eta inora ez egin ostean, iritsiko dela. Jarriko naizela urduri, eta ez dudala jakingo nola demostratu nire buruan dudan hori. Irudituko zaidala inori ez zaiola interesatuko. Are gehiago: inork ez duela horren inguruan deus jakin nahi izango. Edo, are gehiago: jakin nahi bai, baina prestatuta ez daudela entzuteko, asimilatzeko. Gauza konplikatuekin ari naizela lanean, egunerokotasunera iritsi diren gehiegikeriekin. Egunerokotasunaren zati bihurtu diren gehiegikeriekin. Eta, askok, gehiegikeri hauen bueltan eraiki dute euren egonerokotasuna. Egunerokotasun erosoa. Erosoegia agian.

Eta nire buruari galdetzen diot zertan ari naizen.

Tesia

Entzuten diot ahots txiki bati, barre algara txikian. Eta barrenak nahasten zaizkit. Egunero bezela. Egunero bezela, edo…

*Argazkia, hemen.

Hasiera.

Abenduaren 21a da. 2013. urtea. Goizeko 10.05.

Hotz da kanpoan, baina eguzkia ateratzen hasia da. Oraindik ere epelduko du.

Egongelako mahaian eserita, hamaika hilabete eta erdiko alaba alboan lo, ia bi urteko txakurra balkoian pasian. Pikanaka altxatzen hasia den eguzkiaren argia leihoetatik sartzen da, egongelako paretak epelduz.

Eta ezin ba, ekidin, nire buruari etengabeko galdera egitea. Zenbatetan galduko ote dut eguzkiaren argi goxoaren epeltasun hau nire nukleo honetatik at egin beharko dudan denboran. Zenbatetan galduko ote dut hain gutxitan suertatzen den erlaxazio une bere hau. Zenbatetan botako ote dut faltan egunerokotasun hau.

Alta, aspalditik kuriositatea piztu didan eta oraingoz jaten ematen didan horri dena eskaintzera noa. ‘Lanera joan beharra nago’ esan diet, eta esango diet aurrerantzean ere, ‘zer dela eta zoaz?’ galdetzen didaten horiei. Ez diot gezurrik.

Zorionez, ordea, lana baino gehiago da niretzat. Gatazka eremuetan zein gatazka osteko eremuetan emakumeek pairatzen duten egoerak txikitatik erakarri izan nau. Ez naiz ziur ‘ez dakit zergatik’ esatea zilegi ote den. Egunen batean horren inguruan ere idatzi beharko nuke.

2011. urtetik horretan lan egiten dut. Gai horren inguruan (gutxi gora behera) ari naiz lanean, eta ikertzen ari naizen eremu zehatzetik urruti bizi naiz, hara bidaiatzen aritu banaiz ere. Ordutik urtean bi hilabete inguru egin ditut han. Kosovan. Eta, beti bota izan dut faltan ‘han’ denbora gehiago emateak. Sinisten dudalako emakumeek emakumeengandik eta emakumeentzat egindako ikerketan. Ikerketa aktibistan. Ikerketa partehartzailean. Akonpainamendutik egindako ikerketan. Ikerketa feministari zein epistemologia feministari jarraiki.

Nire lanak hausnarketa ugariren bideak ireki ditu. Lanak, ikerketak, ikerketa feminista bat egin nahi izateak, lantzen dudan hori nigandik urruti izateak, nagoen lurraldeak ‘han’ eta ‘hemen’ artean banatzeak…

‘Han’ etengabeko gatazkan bizi izan diren edo bizi diren emakumeekin lan egiteak, emakumeen aurkako edonolako indarkeriarekin lan egiteak, landa lana egiterako garaian burura etorritakoak, indarkeria maila handiak jasan dituzten emakumeekin hitz egiteak… Askotan, egoera guzti hauek hausnarketa andana egin arazten dute. Halabeharrez, gehienetan. Eta, etengabeko gatazkatik abiatuta, gehienetan.

‘Hemen’, baina, beste hainbeste gatazkaren aurrean gaude emakumeak. Rol zehatz batzuk bete behar izatea edo hauei aurre egin behar izatea, gure aurkako edonolako indarkeria, emakumeen arteko ahaidetasun falta, edo ahaidetasun gehiegikeria… Halabeharrez, gehienetan, hauek ere. Eta, hauek ere, eta askok ikusten ez duten arren, etengabeko gatazkatik abiatuta.

Hortik abiatzen naiz ni ere. Eta, hemen ere, hortik abiatu nahi nuke.

Hausnarketatik. Memoriatik. Bizipenetatik. Egunerokotasunetik. Eta, egunerokotasunetik aldentzen den horretatik ere bai.