Harresietaz

Laneko mahaia
Laneko mahaia

I

Atzo etxera ekarri zidan alabak aldizkari bat. Izebaren etxean topatu ei zuen eta “ama, ama” esanez, ez omen zion inori hura altzotik kentzen utzi. Hala, etxera ekarri zion amari.

Etxera sartu eta “ama, ama”, ohiko deiadarrarekin batera, korrika txikian etorri zen nire laneko mahai parera eta luzatu zidan aldizkaria bi besoekin. “Ene”, pentsatu nuen nire artean: “gaizki hasi da ttikia, egitura patriarkalak birsortu besterik egiten ez duten aldizkari horietako batekin…”. Hala ere irribarre ederra marraztu aurpegian eta besoak zabalik hartu nituen biak, alaba eta aldizkaria.

Laneko mahaiaren gainean utzi nuen eta hortxe egon da gaur goizera bitartean. Paper artean azpiratuta.

II

Frexkoxeago argitu du egunak. Arinago. Atzoko bero sapak atzean utzi gaitu. Airea dabil etxeko pareta artean. Harnas egin daiteke.

Eguneroko erritualari ekin diot segundu gutxitan: hartu edalontzi txuria, hartu kafetera, hartu lapiko txikia. Berotu kafea, isuri edalontzi txurian. Hartu edalontzia eta eseri laneko mahaian, ordenagailuaren aurrean.

Errepasatu mentalki atzo egindakoak. Lana non eten nuen ikusi. Non ekin behar diodan erabaki. Eta hasi, berriz, gatazka armatuetan ematen den emakumeen aurkako indarkeria sexualaren inguruko eremu teorikoa ikertzen duen lanarekin.

III

Automatikoki egiten duzun lanak automatikotasuna birproduzitzen ei du. Automatikoki lan egiten dut gatazka eremuetan emakumeen aurkako indarkeria sexualarekin eta, nik neronek, automatikotasun hori birproduzitu egiten dut. Automatikoki lan egiten dut, nire egunerokotasunaren, familiaren, lagunen eta plazeren artean eta nire lanaren artean harrizko harresi bat eraikiz. Egunero.

Entzun nion behin gai berak lantzen dituen (ia-) ezagun bati, sufritu egiten duela bere lanarekin. Bere egunerokotasunean eragin handia duela bere lanak. Guda eremuen inguruan lan egiten du (guda eremu hauetatik kanpo), idazten ari den honek bezalaxe. Eta zioen, ohera sartutakoan ezin izaten duela lo hartu, egun osoan zehar irakurri eta idatzitakoak bueltaka izaten dituelako. Bere egiten dituela besteen sufrimenduak.
“Harresia falta zaio honi”, bota nion, supituki, nire buruari.

IV

Hiru ordu eskas pasa dira ordenagailuaren aurrean nagoenetik. Ordu eta erdi daramatzat Kosovoko gudan bildutako hainbat emakumeren testigantzak irakurtzen. Eta buruak planto eman dit. Buruak lehendabizi, gorputzak gero.

Ikusi dut paper eta liburu artean alabak ekarritako aldizkaria. Eta ezerk ez nau gelditu hura irekitzeko bidean. Gorputz lirainak bikinian, gorputz lirainak parkean, gorputz lirainak hirian, gorputz lirainak hondartzan… Gorputz lirainak nonnahi. Tira, honezkero ez nau hainbeste haserretzen. Paso. Burua testigantzen eta gorputz lirainen artean dut oraindik.

Pasa ditut orriak eta irakurri ditut udako oporretarako hainbat proposamen. Capri, Jersey uhartea, Kroazia. Eta gogoratu dut, harnasa hartzeko denborarik gabe, gudan zehar hango emakumeen testigantzekin eskuratutako materiala ere irakurtzeko dudala artean.

Zein bizkor eraiki behar izan dudan, berriz, segundu laurdenean desegindako harresia. Zein bizkor, berriz, heldu diodan lanari. Zein bizkor, berriz, control mode ON sakatu dudan buruan, sor litezken sentsazio eta sentimenduen aurrean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s