Hasiera.

Abenduaren 21a da. 2013. urtea. Goizeko 10.05.

Hotz da kanpoan, baina eguzkia ateratzen hasia da. Oraindik ere epelduko du.

Egongelako mahaian eserita, hamaika hilabete eta erdiko alaba alboan lo, ia bi urteko txakurra balkoian pasian. Pikanaka altxatzen hasia den eguzkiaren argia leihoetatik sartzen da, egongelako paretak epelduz.

Eta ezin ba, ekidin, nire buruari etengabeko galdera egitea. Zenbatetan galduko ote dut eguzkiaren argi goxoaren epeltasun hau nire nukleo honetatik at egin beharko dudan denboran. Zenbatetan galduko ote dut hain gutxitan suertatzen den erlaxazio une bere hau. Zenbatetan botako ote dut faltan egunerokotasun hau.

Alta, aspalditik kuriositatea piztu didan eta oraingoz jaten ematen didan horri dena eskaintzera noa. ‘Lanera joan beharra nago’ esan diet, eta esango diet aurrerantzean ere, ‘zer dela eta zoaz?’ galdetzen didaten horiei. Ez diot gezurrik.

Zorionez, ordea, lana baino gehiago da niretzat. Gatazka eremuetan zein gatazka osteko eremuetan emakumeek pairatzen duten egoerak txikitatik erakarri izan nau. Ez naiz ziur ‘ez dakit zergatik’ esatea zilegi ote den. Egunen batean horren inguruan ere idatzi beharko nuke.

2011. urtetik horretan lan egiten dut. Gai horren inguruan (gutxi gora behera) ari naiz lanean, eta ikertzen ari naizen eremu zehatzetik urruti bizi naiz, hara bidaiatzen aritu banaiz ere. Ordutik urtean bi hilabete inguru egin ditut han. Kosovan. Eta, beti bota izan dut faltan ‘han’ denbora gehiago emateak. Sinisten dudalako emakumeek emakumeengandik eta emakumeentzat egindako ikerketan. Ikerketa aktibistan. Ikerketa partehartzailean. Akonpainamendutik egindako ikerketan. Ikerketa feministari zein epistemologia feministari jarraiki.

Nire lanak hausnarketa ugariren bideak ireki ditu. Lanak, ikerketak, ikerketa feminista bat egin nahi izateak, lantzen dudan hori nigandik urruti izateak, nagoen lurraldeak ‘han’ eta ‘hemen’ artean banatzeak…

‘Han’ etengabeko gatazkan bizi izan diren edo bizi diren emakumeekin lan egiteak, emakumeen aurkako edonolako indarkeriarekin lan egiteak, landa lana egiterako garaian burura etorritakoak, indarkeria maila handiak jasan dituzten emakumeekin hitz egiteak… Askotan, egoera guzti hauek hausnarketa andana egin arazten dute. Halabeharrez, gehienetan. Eta, etengabeko gatazkatik abiatuta, gehienetan.

‘Hemen’, baina, beste hainbeste gatazkaren aurrean gaude emakumeak. Rol zehatz batzuk bete behar izatea edo hauei aurre egin behar izatea, gure aurkako edonolako indarkeria, emakumeen arteko ahaidetasun falta, edo ahaidetasun gehiegikeria… Halabeharrez, gehienetan, hauek ere. Eta, hauek ere, eta askok ikusten ez duten arren, etengabeko gatazkatik abiatuta.

Hortik abiatzen naiz ni ere. Eta, hemen ere, hortik abiatu nahi nuke.

Hausnarketatik. Memoriatik. Bizipenetatik. Egunerokotasunetik. Eta, egunerokotasunetik aldentzen den horretatik ere bai.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s